Haur eta gazte literatura
Gaur blogean landuko dugun gaia eskola eta literaturaren arteko gurutzaketa izango da. Lehenengo, haur eta literatura lantzeko eskura ditugun baliabide eta eragile batzuk ezagutuko ditugu. Gero, euskal idazle batek gaiari buruz egin duen hausnarketa irakurriko dugu eta, azkenik, gure txanda izango da. Iruzkinetan jasoko ditugu gaiari lotutako iritzi eta burutazioak, adibidez: ezagutzen zenituen baliabideak? Erabilgarriak direla uste duzu? Ados zaude idazlearen iritziarekin? Ekin diezaiogun!
2000. urtetik aurrera sortu ziren egun elkartearen ardatz bihurtu diren egitasmo nagusiak eta jarraian tarte bat hartuko dugu batzuk aletzeko:
- Klis-klasikoak liburu eta app bilduma: xede nagusi zuen 4 eta 16 urte bitarteko irakurleei (ez haiei bakarrik, baina bereziki haiei) euskarazko literatur obra kanonikoak eskueran jartzea zein beste hizkuntzetako klasikoen itzulpen egokiak eskaintzea.
- Literatur aretoak: literatura eta sormena bizitzeko jarduera gidatuak.
- Mintzoan Kux-kux: egitasmo honen helburua da haurren inguruko bitartekariak (gurasoak, liburuzainak, irakasleak, hezitzaileak...) formatzea, etxean, eskolan, kalean eta liburutegian haurrei eta haurrekin modu naturalean irakurtzen jarrai dezaten.
- Irakasleentzako lantegiak: 2018an abiatu zuen “Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak” izeneko egitasmoa. Galtzagorrirentzat ezinbestekoa da irakurzaletasunean bitartekari lana egiten duten profesionalen trebakuntza. Irakasleak bitartekariak direnez gero, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan prestakuntza eskaintzen zaie irakasleei. Saioak praktikoak dira eta bertatik bertara eskaintzen dituzte Galtzagorriko adituek. Halaber, tokian tokiko udal liburutegietako liburuzainak gonbidatzen dituzte ikastetxeak eta liburutegiak saretze aldera.
- HGL eskolan: irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetzeko, eta irakurketan bitartekari diren irakasle edo irakaslegaien formazio literarioa aberasteko formazioa da.
- Galtzagorrik urtean bitan argitaratzen du Behinola, Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko aldizkari bakarra. Bertan, artikulu eta erreportajeez gain, liburuen iruzkin literarioak biltzen dira.
- Gomendagarriak urtez urte: urteko liburu gomendagarrien zerrendak sortzen ditu Galtzagorri elkarteak eta zerrenda bakoitzak Euskal Haur eta Gazte Literaturan urte horretan argitaratu diren liburu gomendagarrienak biltzen ditu, irakurlearen adin aproposaren arabera antolatuta.
- EZINBESTEKOAK izena duen sail honen barruan euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren historian argitaratu diren 50 liburu ezinbestekoen zerrenda paratzeko konpromiso zail eta arriskutsua hartu du Galtzagorrik.
"Haur literatura pedagogiarekin lotzeak dakartzan arriskuez ere mintzatu izan zara behin baino gehiagotan, «amaorde pedagogikoa» aipatuz.
Didaktismoa da benetako arriskua. Baina, pedagogiaren izenean ere, irizpide batzuk errazegi erabiltzen dira batzuetan. Niretzat, liburu bat pedagogikoa da ondo idatzita dagoenean. Baina susmoa dut pedagogiaren izenean garai bateko moraltasuna ezkutatzen dela askotan, edo ideologia bat. Adibidez, bukaera zoriontsua izatea da pedagogikoa. Baina, literaturaren aldetik begiratuta, zergatik ez eskaini bukaera ez hain biribilak eta hain zoriontsuak, bukaera irekiak? Txan fantasma-ren bukaera tristea izan daiteke irakurketa jakin bat egiten duenarentzat, baina, nire ustez, bukaera irekia du, eta itxaropentsua ere izan daiteke. Nik uste dut zeukan berritasuna hortik zetorkiola, besteak beste, Txan fantasma-ri. Formaren aldetik. Batzuentzat haur eta gazte literatura ez da desafio literario eta estilistikoa. Nahikoak dira istorio polit bat eta bukaera zoriontsua. Hori ere behar da, haurrek irakurri egin behar dutelako guk ere irakurtzen dugun bezala, gu ez baikara ari beti Proust irakurtzen. Baina, gaitasun literarioa duten irakurleak sortzeko, behar da nolabaiteko planifikazio bat, haurrek aurrera egin dezaten gero eta zailtasun handiagoak dituzten liburuekin.
Askotan esaten da garrantzitsua dela «balioetan heztea», eta literatura ere horretara bideratzen da. Zer iruditzen zaizu?
Badirudi oso zaila egiten zaigula haur eta gazte literaturari bere literaturtasuna aitortzea eta onartzea. Beti bilatu nahi diogu, eta irakaskuntza munduan zer esanik ez, baliagarritasun bat; beti jakin nahi dugu zertarako balio duen. Oso sartua zegoen hori lehengo irakasleen artean, eta halaxe dago oraingoen artean ere: irakurri behar dela zerbaitetarako. Orduan, egokitu behar zaio horri hondakinen arazoa, aldaketa klimatikoa, sexismoa, hezkidetza... Teorikoki, didaktismoa gaur egun ez zaio inori gustatzen, baina, praktikan, gauza horiek, irakaskuntzan «zehar lerroak» deitzen direnak, didaktismotik oso gertu daude. Badakit irakaskuntzan landu behar direla gai horiek, baina denetik egon behar du, eta bereizten ere jakin behar da, batez ere arduradunek, irakasleek eta abar.
Berez duen balio literarioa izan daiteke, beraz, haur literaturako liburu batek transmititzen duen balio nagusia, garrantzitsuena.
Mark Twainek Tom Sawyerren abenturak idatzi zituenean, edo Lewis Carrollek Aliziarenak, maitasunaren izenean egin zuten hori, bestelako helbururik gabe, opari bat egiteko haurtzaroari... Literatura da. Beste kontu bat da idazleak bere balioak dituela, eta idazten duela bere egoera zehatzetik eta bere balioetatik abiatuta, eta hor balio batzuk bideratzen dituela."
Zer nolako oroitzapenak Mariasun Landaren entrebista irakurri dudanean, txikitatik eskolan bere ipuinak/liburuak irakurri eta gozatzeko aukera izan dut, ,Txan fantasma, Kaskarintxo, Kokodriloa ohe azpian, adibidez.
ErantzunEzabatuBere elkarrizketan aipatzen du, liburuei/ipuinei beti bilatu nahi diogula, baliagarritasun bat; beti jakin nahi dugu zertarako balio duen irakurtzen ari garena. Guztiz ados nago esaten duenarekin, batzuetan, irakasleok obsesionatzen gara liburu perfektuaren bila, arlo guztiak jorra ditzan, hezkidetza, adiskidetasuna, kutsadura etab. Ez gara konturatzen azken finean liburu/ipuin bat irakurtzen edota entzuten dugunean ondo pasatzeaz gain,beste mundu batera bidaiatzea duela helburu.
Gogoan duzu ongi pasarazi edo bertze mundu batera eraman zintuen libururik? Nik umorea atsegin dut. Adibidez, "1 arte zenbatzeko liburua (ez pentsa gutxi denik!)", oraintxe klasean bueltaka dabilena. Haurrentzako omen da, baina niri zer pentsatua eman dit eta, gainera, oso ongi pasa dut irakurri bitartean!
EzabatuHaur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea ezinbestekoa ikusten dut, beraiek dira etorkizuna eta ez badute txikitatik ohitura hori hartzen gero askoz zailagoa izango da.
ErantzunEzabatuUmetan oso gustura izaten dira haur guztiak gurasoek irakurtzen dizkieten ipuinak entzuten edo eta marrazki politez jantzitako liburutxoak irakurtzen.
Heldutzen doazen neurrian gero eta nekezagoa egiten da, alde batetik euskaraz irakurri beharrean gaztelaniaz irakurtzeko joera har dezakete, liburuen eskaintza askoz handiagoa baita; bestetik telefono mugikorren erabilerarekin hasten direnean nahiago dute liburu bat irakurri beharrean sare sozialetan pasatzea denbora.
Horregatik nire ustez liburuen helburu didaktikoa bigarren mailan utziko nuke eta irakurtzearen gozamena, plazerra lehenetsi.
Irakurtzeko ohitura sustatu eta gero gazteek beraiek aukera dezatela ze motako irakurketak dituzten atsegin.
Gure gizartean haurrak eta nerabeak askotan literaturatik urrun daude mugikorreko irudi eta soinuetan murgilduta daudelako.
ErantzunEzabatuEdozein proposamena irakurzaletasuna sustatzeko ongi etorria! Baina kontuz, askotan eskoletan eta institutuetan irakurketa oso zuzenduta dago, horren atzetik helburuak daudelako. Alde honetan, Mariasun Landetarekin ados nago. Zenbat aldiz liburuak aukeratuak izan diren generoak ezagutzeko, arlo zehatzak ezagutzeko edo lantzeko...
Faltan nabaritzen dira txokoak irakurtzeko irakurtzearen gustuagatik bakarrik. Horretarako ezinbestekoa da, liburu desberdinen abaniko zabala erakustea eta irakurketa libreki aukeratzen uztea. Ildo honetatik gogoratzen naiz nire semeak, nerabea izanda, irakurtzeko gustua aurkitu zuela nahi zuen liburua irakurtzeko aukera eman ziotenean.
Guztiz ados. Askotan gehiegi bideratuta dago irakurketa eta derrigorrez irakurtzeak ez du motibatzen. Guztiok desberdinak gara eta baita gure gustuak ere, horregatik, literatura eskaintza zabalagoa izateak bermatuko du bakoitzak gehien gutuko duen liburua aurkitzea
EzabatuBatzuetan eskolan liburuak irakurtzea derrigorrezko lan bihurtzen da. Eskola, berez, irakurmen zaletasuna landu behar du eta batzuetan kontraesana dela ematen du.
EzabatuMaila guztietan erabakitzeko aukera ematea beti da aukerarik onena, beraiek deskubritu behar dute zer duten gustuko. Horregatik klaseko liburutegiaren garrantzia (sortzea eta hornitzea). Gerora landuko da literatura edo irakasleak irakurriko du.
Ados zuekin! Ez dakit konturatu zareten, baina R600 ikastaroko ikasleak ari dira IRALEko liburutegia dinamizatzen. Aldian behin interesguneak sortzen dituzte; hau da, gai zehatz bati lotutako dokumentuak (liburuak, aldizkariak...) bildu eta apain jartzen dituzte liburutegian. Oraintxe osasun mentalari buruzkoa duzue ikusgai eta, noski, bertan interesgarria den zerbait aurkitzen baduzue hartu lasai etxera eramateko!
EzabatuIruditu zait ekimen irudimentsu eta motibagarria. Haurtzaroa da momentu egokiena ipuinak eta istoriak bizitzeko. Bide ugari daude garapen intelektuala lantzeko, baina Literatura gozatzeak beste helburu betetzen ditu: Mundu oso bat sortzea deus ez zen lekutik (hau da burutik) edo errealitatea guztiz eraldatzea istorio bati esker, hamaika ikuspuntu eta guztiak posible!
ErantzunEzabatuLogiko eta magikoa.
Maria Asunek dioen bezala, lan literarioak ez ditugu zertan baztertu mailaka, literatura osoa literatura da eta. Are gehiago, alderdi bereziak soilik literaturan azaltzen dira eta horrela benetako pentsamendu kritikoa eraikitzen da. Ez kexaka bizitzera bultzatzen gaituen hori, aukera berriak sortzen dituen adimen izugarri hori baizik.
"Logiko bezain magikoa", zeinen hitz ederrak, Susana! Agian hori da literaturak, eta bereziki haur literaturak, eskaintzen digun aukera: errealitateari, egunero begi parean dugun horri, bestela begiratzea. Gure ikuspegia aldatzea, ulermena zabaltzea... hori baino ederragorik!
EzabatuSusan, barkatu.
EzabatuLiteraturzalea naiz, irakurtzea gustuko dut. Edozein tokira noala ere, beti liburu bat dut nirekin. Denetarik irakurtzen dut, garaiaren arabera edo nire gogo-aldartearen arabera testu sakonagoak edo arinagoak, interesa pizten didaten gaien inguruko testuak, emakumezkoek idatzitako liburuak… edozer gauza. Bueno, edozer gauza ez. Bestsellerrak saihestu egiten ditut! Egunero irakurtzen dut, tarte luze edo motz batez bada ere. Ezin pasa dezaket egun bat irakurri gabe. Gozatu egiten dut.
ErantzunEzabatuHau nire ikasleei transmititu nahiko nieke. Askotan pentsatu dut honen inguruan, baina beti zailtasun berdinak aurkitzen ditut: nik ez dut haur eta gazte literatura irakurtzen, nola sartu irakurketa gure eskolako ordutegian eta egunerokotasunean, nola landu irakurketa beste helburu konkreturik gabe (bakarrik irakurketa), non aurkitu horren inguruko formakuntza egokia, beste irakasleek zer pentsatuko dute… Zerrenda amaigabea bete nezakeen…
Mariasun Landaren gogoeta irakurtzeak piztu egin nau (poztu egin nau, esango nuke), izan ere, horren inguruan asko pentsatu baitut nik ere. Badirudi helburu bat ez duten testuak irakurtzea denbora galtzeak direla, badirudi irakurketa beste zerbait lortzeko bidea izan behar duela beti, badirudi jakintzarekin lotu behar dela proposatutako irakurketa oro… irakurzaletasuna sustatzea eta literaturarekin gozatzea heztea izango ez balitz bezala!
Hortaz, Galtzagorri Elkartea abiapuntu hartuko dut eta nire ikasleengan literaturzaletasuna sustatzeko bideari ekingo diot. Badakit bidea luzea izango dela, eta ez dela erraza izango, baina poliki-poliki eta pausoz pauso joango naiz. Hona nire lehenengo xedea: haur eta gazte literaturako obrak ezagutzea eta irakurtzea. Galtzagorriren gomendioekin hasiko naiz.
Niri oso zaila egiten zait irakurketa aproposa aukeratzea, gaia interesgarria izateko, euskara maila askotan ulertezina egiten zaielako ikasleei hau dela eta, ez dute erakargarria ikusten eta ez dira motibatzen.
ErantzunEzabatuArtikulua oso interesgarria iruditu zait, bertan ematen baitigute ikasleek irakurtzeko materiala baita irakurketa horiek lantzeko proposamenak ere.
Mintzoan kux-kuxeko “ Motxila txikien zirkuitoan” azaltzen digute irakurketa sustatzeko ikastetxe, liburutegi eta familien arteko harremanak garrantzitsua dela era horretan, komunitate osoa irakurketa prozesu honetan sartuta dagoenez, motibagarriagoa da eta irakurtzeko helburua lortu dezakegu.
Ez nuen ezagutzen Galtzagorri elkartea eta interesgarria iruditzen zait oso. Haur eta gazteengan literatura hurbiltzeko baliabideak eskaintzen dizkio hezitzaileentzat, literaturaturtasuna sortzeko gaur egungo zailtzaunetik abiatuta.
ErantzunEzabatuEz dakit haurrentzat zeintzuk diren irakurtzeko zailtasunak baina bai dakizkit nebareentzakoak. Dena lortzen dute klick baten bidez, bideo labur bat ikusten bidez… eta liburu bat irakurtzeak denbora eta gogoeta egiteko ahalmena behar ditu. Haiekin daukagun zailtasunik nabariena da irakurtze ohitura eta motibazio eza. Denetarik daukate eta denak helburu zehatz bat izan behar du haiek estima dezaten, eta, “literatura bestelako helbururik gabe opari bat da”. Opariak onartzeko dohankotasuna behar dute, eta, hori da, nire ustez lehenbizi landu behar dela.
Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea altxorra da. Irakur zaletasuna sustatzea du helburu, gaur egun gure gizartean galtzen ari dena. Zenbat baliabide, zenbat ahalegin gure eskura dauden eta ez dugu horren berririk izaten.
ErantzunEzabatuTresna ezin hobea da bai haurrentzat bai helduentzat, Euskal Literatura ezagutzeko.
Mariasun Landak funtsean esandakoarekin bat nator. Gizarte merkantilista batean bizi gara eta praktikotasunaren izenean egiten da lan. Hori dela eta, hezkuntzaren munduan bide beretik jarraitzeko beharra dago. Haurren gaitasunak neurtu behar dira eta egiten den guztiak zer, nola eta zertarako galderei erantzun behar die. Literatura ere horretan preso sentitzen da zurrunbilo horren barruan sartuta, idazlearen sormena baldintzatuz. Kontrako norabidea eramaten duten indarrek (gizartearen eskaerek eta idazlearen sentimenduek) oreka bilatzeko beharra dute.
Bestalde, irakaskuntza gaurkotasunaren atzetik doa eta horren hurbiltasuna bilatzen du une oro, haur eta gazteen errealitatetik ez urruntzeko. Egoerak irakasleak itotzen ditu eta hau izan daiteke didaktismoaren arrazoi nagusienetako bat.
Galtzagorri elkarteak egiten dituen ekintza guztien artean, Gipuzkoan eta Bizkaian bakarrik esku hartzen dutela ikusi dut. Zergatik ez datoz Arabako ikastetxeetara liburutegi ibiltariak?
Haur literarura haurrei hurreratzeko aurki aurrea hartuko diogu!
ErantzunEzabatuIdazten ikasi behar dutela, irakurri behar dutela, kontzientzia fonologikoa, semantika, gramatika...
Hizkuntzaren aspektu formaletan lanpetuegi ibili gara eta ohikoa den moduan garrantzitsuena galdu dugu.
Azken urteetan, gure eskolan, metodologiari buruzko hausnarketa sakonean murgildu gara, haurra erdigunean jarri behar dela aipatuz. Hortaz, beraien ikasketa prozesuaren protagonismoa itzuli egin zaie (inoiz izan badute!).
Azken hausnarketek molde zaharrak irauli behar dituzte, ezinbestez. Hizkuntza eta Haur literatura bera ere, jolasa dira. Era berean, jolasa haurraren berezko ekimena da, ikasteko ere balio zaiona.
Hortaz, umeei ipuin asko kontaten dizkiegu, ipuinak kontatzeko unean giroa zaintzen dugu, euskarri oso ezberdinak erabiltzen ditugu, liburuak eskuragarri izaten dituzte, ipuinak beraiek kontatzea ere, errezten diegu materialak eta espazioak aurreikusiz. Hori bai! nahi baldin badute solik.
Haurrei haur literatura aurki hurreratzeko aurrea hartu beharrean, hobe literaturaz gozatea soilik. Gainerakoa ez al da berez etorriko?
Galtzagorri elkartea deskubrimendu itzala izan da niretzat. Aretoak “brutalak” direla iruditu zaizkit. Dotore jantziak eta egokituak. Gainera alokatzeko aukera dago!
ErantzunEzabatuHorretaz gain lantegiak interesgarriak iruditzen zaizkit ere. Eskolan irakurletasuna bultzatzeko jarduerak egiten dira baina askotan gauza berbera egiten amaitzen dugu beti. Ideia eta proposamen desberdinak eskuratzeko Galtzagorrik eskeintzen dizkigun aukerak bide ederra izan daitekeela deritzot.
Irakurzaletasuna bultzatu eta sustatzeko txiki txikitatik egin behar dela iruditzen zait. Etxean egunero irakurketarako/ipuin bat kontatzeko denbora hartzea garrantzitsua iruditzen zait. Aukera ezberdinak aurkeztu behar zaizkie haiek ere gustukoen dituzten ipuinak/liburuak irakurtzeko.
ErantzunEzabatuNerabeek askotan irakurri behar dituzten liburuak ez dira haiek aukeratutakoak (eskolan) eta askok ez dute gustura irakurtzen. Euskaraz ere irakurtzea gehiago kostatzen zaie.
Nerabeen artean irakurzaletasuna indartzeko oso ideia onak ikusi ditut web-gunean, gehien atsegin izan zaidana booktrailer-arena izan da. Baina beste hainbat ideia ere oso interesgarriak izan dira, hala nola, booktube, bookstagram, etab.
Mariasun Landaren hausnarketa oso interesgarria iruditu zait. Askotan konturatu gabe eskoletan didaktismoan erortzen gara eta produktibitatearen gizartean gaudenez, edozein egitasmoak helburu zehatz bat eta funtsio zehatz bat bete izan behar duela iruditzen zaigu. Uste dugu denari etekin bat atera behar diogula eta liburuekin eta ipuinekin gauza bera gertatzen da, hau da, aukeratzen ditugun irakurketak helburu zehatz bat izan behar dute eta horren arabera sailkatu behar dugu: hezkidetza, leihakortasuna, adiskidetasuna…
ErantzunEzabatuHori dela eta, gehienetan ahazten zaigu liburuak ez dira bakarrik informazioa lortzeko edo balioak ikasteko baliabideak baizik eta disfrutatzeko eta hizkuntz batekin gozatzeko balio dutela.
Ni haur hezkuntzako irakaslea naiz eta nire ikasle gehienek eskolara etortzen direnean ez dakite euskara, eta ipuinak eta album ilustratuak aukera paregabea dira umeei euskarara hurbiltzeko. Helburua ez da bakarrik istorio bat kontatzea baizik eta hizkuntzarekin jolastea, errimak egitea, hitz-jokoak gauzatzea, hizkuntza baten musikaltasuna barneratzea…
Niri irakurtzea izugarri gustatzen zait eta nire helburua da gozamen hori nire ikasleei helaraztea. Irakurketek aukera paregabea ematen digute beste munduak eta errealitateak ezagutzeko, fantasian murgiltzeko eta gure etxeko sofatik edozein lekutik bidaiatzeko. Hori da nire ustez gure ikasleei transmititu behar dugun mezua.
Bukatzeko aipatu nahi dut galtzagorri elkartea ezagutzen nuela baina ez nekien zenbat gauza eskaintzen zituen. Web orrialdea oso interesgarria iruditu zait eta konturatu naiz aukera asko ematen dizkigula: prestakuntzak, jarduera gidatuak, liburu gomendagarrien zerrendak… Askotan irakasleok denbora pila galtzen dugu gauzak bilatzen eta ez ditugu ezagutzen euskaraz ditugun baliabideak. Beraz, eskolara bueltatuko naizenean Eima katalogoaren eta galtzagorriren berri emango diet nire lankideei.
Zer da literatura ona nerabeentzat eta gazteentzat eta zer ez da ona?
ErantzunEzabatuZer helburu lortu behar ditu liburu batek eskolatik nerabe eta gazteentzat "gomendagarria" izateko?
Irakurketaren helburua irakurketa bera eta pertsonengan dituen ondorioak izan beharko lirateke: irakurtzen dudanean imajinatzen dut, amets egiten dut eta zerbait berria sortzen dut. Ona da horretara eramaten nauen literatura, eta txarra bidaiatzera eragiten ez didana.
Gozamena ez den beste arrazoi batzuengatik liburu "didaktiko" bat bilatzen dugunean, ahazten zaigu gozamenagatik bakarrik, eta ez beste baliabide batengatik, lortuko dugula imajinatzea, amets egitea eta sortzea. Liburu didaktikoak irakurri beharko dira, baina ez irakurketaz maitemintzeko.
Irakurketaz maitemintzeko irakurri besterik ez dugu egin behar, liburuak esaten digunarekin gozatzeko beste helbururik gabe.
Niri "Los Hollister" eta "Los Cinco" liburuak oparitzen zizkidaten (eta irakurtzen nituen, noski), baina Marcial de la Fuente Estefaniaren Mendebaldeko eleberriekin gozatzen nuen, asko!. Hezkuntzaren ikuspegitik ikusita, ez dut uste onak izango direnik, baina nik irakurtzen nuena imajinatzen nuen, imajinatzen nuenarekin amets egiten nuen, irakurritakoa ez bezalako istorioak sortzen nituen eta, egun batean, idazten hasi nintzen.
Ba al dago niretzat idazle hoberik amets egitera eta sortzen hastera eraman ninduena baino?